XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

I. HELBURUAK.

- Ikasgai honen helburu nagusia giza-egitura psikikoaren izaera aztertzea da, gizona beste animali espezietatik zertan bereizten den eta zertan ez ikusiz.

- Gizonaren egoera bere biologi organizazio bereziaren aldetik begiratuta nolakoa den sakondu ondoren, puntu honi buruzko edukien laburpen argi bat lortzea.

- Azkenik, inguratzen duen munduarekiko desegokitasunaren bakardadeak eta libertatearen larriminak gizakiari sortzen dizkioten sentimenduen inguruko gogoeta sakona bideratu beharko da.

2. ABIAPUNTUAK, MOTIBAZIOA.

Sarri askotan entzungo zenuen gizona animalia handiena dela.

Berak egiten dituenak berak bakarrik egiten dituela, alegia.

Ikasgai honetan puntu hau sakondu nahi genuke: ea gizakia beste animali espezietatik zertan bereizten den eta zertan ez.

Umeek izaten dute jostailuei tripa guztiak ikusi beharra.

Jostailua kanpotik polita eta dotorea bada ere, ikusten ez dena nolakoa ote den frogatu beharra.

Zuk ere askotan ez duzu jakiten egiten dituzun zenbait ekintza-modu zergatik egiten dituzun.

Sentitzen duzu hor, zeure barruan, badagoela beste zerbait, beste mundu bat existitzen dela.

Askotan zure nahimenaren gainetik agintzeko indarra duen mundua.

Hauxe da ikasgai honetan egingo duguna: ispiluak gutaz ematen duen irudi hori oraingoz utzi eta baztertu eta geure barnekaldera bidaia bat egin.

Nolako abentura! Umeak jostailuari tripa guztiak arakatzen dizkion bezala, guk geure barnekaldeko mundua aztertuko dugu.

Apasionantea gerta dakiguke eta gainera geure konportamenduaren zergatiak ulertu ahal izango ditugu.